Apartamentuak - Erregistro Zbk.: TVI00021

Etxea

Elaietxea - Birding House

Etxearen izenak berak elaiaren habia adierazi nahi du, teilatuko hegaletan elai azpizuriek (Delichon urbicum) eseki dituzten habiak direla eta.

Landetxearen inguruan lursail pribatu zabala dago, sagarrondo, hurrondo eta intxaurrondoekin. Horietako zenbaitek ehun urte baino gehiago dauzkate, baita tamaina ikusgarria ere. Eremu honetan kokatu ditugu, bada, hegaztiak eta basa animaliak ikusteko behatokiak. Behatokiei “hide” iritzi ohi zaie, ingelesez, eta Erresuma Batuko zaleek “birdwatching” edo “birding” izenekin adierazten dute txoriak ikustea edo behatzea.

Landetxeko edozein aldetan egonda oso bista zabalak eta atseginak ikus daitezke. Herrian bertan izan arren, bake eta lasaitasun sentsazioak nagusi dira.

Euskal Herriko bihotzean barnealdeko turismoa burutzeko aukera ederra eskaintzen du, ihesaldi diferentea eginda: natura, hegaztiak ikusteko behatokiak, natura-parkeak, Errioxako upategiak, Bilboko Guggenheim Museoa edota hurbileko Gazteiz hiria bisitatzeko irteerak.